Kaixo lagunak!


Kaixo lagunak! Ipuin ibiltarien blog-ean zaude. Zure herriko edozein bazterretan ezustean agertu gaitezke. Horrela bada, eraman gaitzazu etxera. Amets goxoak izango ditugu elkarrekin. Baina hurrengo egunetan, zuretzat berezia den leku batean utz gaitzazu. Eskutik eskura munduari bira ematea baita gure helburua.

2013/11/21

BAIONARA!!



Liburu ibiltariak Baionara iritsi dira oraingoan. Egun euritsua izanik, katedral inguruko aterpeetan gelditzea erabaki dute. Horrelako eguraldiarekin gaua kalean ez igarotzea espero dugu. Aurkitu nahi badituzue, hiri zoragarri honen alde-zaharreko kaleetatik ibili beharko duzue. Ez ahaztu aterkia!

2013/11/20

ESKUTIK ESKURA GASTEIZ-EN

Hiru dragoi eta Izotz zuloa, beraien ibilgailu magikoen gainean, Arabara iritsi dira dagoeneko. Gasteizko kaleetatik dabiltza hurrengo irakurlearen bila. Adi egon, edozein izkinetan topo egin baitzaitezke beraiekin. Eta aurkituz gero, ez ahaztu xistera eta iglua, liburuekin batera, hartu behar dituzula!

AURKEZPENA

Aurreko asteazkenean, Azaroaren 13an, kazetarien aurrean aurkeztu gintuzten, Donostiako udal liburutegiko sotoan. Ainara Azpiazu ilustratzailea eta Olatz Bravo idazlea arduratu ziren gure baitan gordetzen ditugun istorioen azalpenaz. Alicia de Miguel-ek ezin izan zuen parte hartu gaixo zegoelako. Benetan une hunkigarria izan zela guretzat nahiz gure sortzaileentzat. Prentsa aurrekoaren bideo osoa Erein Argitaletxearen web gunean duzue ikusgai. Eskutik Eskura egitasmoaren nondik norakoak aurkeztu ondoren, hiriburuko Bretxa merkatal gunean utzi gintuzten, gure lehen irakurlearen zain. ¿Nor izango ote da?

2013/11/14

ESKUTIK ESKURA, SARTU IGLURA!

Barraskiloak bezala, etxea gainean daramala irten da kalera Izotz zuloa. Hego-poloko iglu bat zure herriko plazan ikusiz gero, jakin ezazu, inongo zalantzarik gabe, gure liburu ibiltariaren aurrean zaudela. Honek Marko pinguinoaren abentura izoztuak gordetzen ditu bere baitan. Oso jeloskor dabil gure laguntxoa, amak bere lo-kanta berezia abestu baitio anaia txikiari. Traidore halakoa!
Markok etxetik ihes egitea erabakiko du, oso urruti, itsas lehoien antzera bakarrik bizitzen ikasteko asmoarekin. Baina, ilunabarrean, igluaren berotasuna eta amatxoren laztanak falta direnean, zer egin?

2013/11/12

ESKUTIK ESKURA, XISTERA BARRURA!


Hiru dragoi ipuinak xistera baten barruan bidaiatzea erabaki du.
Izan ere, magiaz betetako istorioa gordetzen du liburu honek bere orri artean. Igo nahi al duzu benetako mago baten txanora?
Ozeanoan galdutako uharte sekretu batetara hurbilduko gara. Ekhiñeren uhartera, hain zuzen. Magia gabeko herrira joatea debekatuta du neska honek. Baina, aitak jakin gabe, bere dragoien bizkarrera igo eta Ekain izeneko laguna bisitatuko du gauero. Hori bai, ametsetan egingo dute jolas elkarrekin. Benetako laguntasunak ez baitu mugarik.

2013/11/11

ONGI ETORRI!

Kaixo lagunak!

Ipuin ibiltarien blog-ean zaude. Liburutegiko apaletik salto egin eta irakurleen bila irten gara kalera. Zure herriko edozein bazterretan ezustean agertu gaitezke. Horrela bada, eraman gaitzazu etxera. Amets goxoak izango ditugu elkarrekin. Gure orrialdeen artean istorio magikoak ezkutatzen dira, zurekin partekatu nahi ditugunak. Baina hurrengo egunean, bueltatu gaitzazu kalera. Eskutik eskura munduari bira ematea baita gure helburua. Zuretzat berezia den leku batean utzi. Aterpean bada hobe, gaizki jasaten baititugu euria eta haizea. Ondoren, gurasoei laguntza eskatu eta gure ibilbidearen berri eman blog honetan. Eskutik eskura...